# IZA
DIA

Natura eta mendia Naiarekin

Euskal Herrian gehien liluratzen nauena paisaien aniztasuna da. Ni hemen bizi naiz urte osoan, Artzamendi, Uztaritzeko oihan eta Errobiko zirga-bidearen artean. Mendian ibiltzea atsegin dut, eta aukera dudan oroz kasko batera igan eta handik 360°ko ikuspegia gozatzen dut! Denen neurriko ibilbideak daude, luzeak eta laburrak!

Gure Herriaren natura aberats eta anitza urtaroen arabera aldatzen da.

Naia Votre guide nature et montagne

Errota Handiko erreserba naturala

Leku hau ez dut aipatu oraindik. Arrangoitzeko Errota Handiko urmaela
Belardi eta oihanez osaturik, multzo ekologiko paregabea eskaintzen die hainbat landare eta animalia espezieri: txoriak, intsektuak, anfibioak, ugaztunak. Ugaztunen artean Bisoi europarra. Leku bikaina da naturaz gozatzeko eta harengandik hurbil sentitzeko.
2008ko abenduaren 15etik 9 hektarea ditu sailkatuak. 19 habitat desberdin ditu, 250 landare mota eta 274 animalia espezie ditu, eta hauen artean 140 txori mota: txilinporta txikia, arrano txikia, zingira-mirotza, arrano arrantzalea…
Leku hau bereziki atsegin dute burruntzia edo mari-orratz espezie anitzek (38 zenbatuak gaur egun, besteak beste Merkurioren burruntzia) eta eguneko pinpirinak (50 espezie).

Leku pribatua da. Munduko Hezeguneen Egunean soilik sar daiteke. Aurten otsailaren 12an izanen da zabalik. Erreserbak 2018ko otsailaren 9a aitzin. Harremana : 05-59-70-58-37  

 

# OIH
ANA

Uztaritzeko oihana

Bero xapa delarik, bada familian egin daitekeen ibilaldi goxo bat: Uztaritzen, Ingelesen gurutzetik abiatuz

Oihanean egoteko leku aproposa. Ibilbidean zehar, orientazio mahai bat, usotegiak eta Otsanzeko kapera ikus daitezke. Kapera Uztaritze, Zuraide eta Senpere herrien arteko mugan da. Iragan mendera arte euria eskatzeko prozesioetarako hara joaten zen jendea. Erdiarokoa da. Bertan gordetzen ziren giristinoak inbasoreengandik eta Compostelarako bidea egiten zuten beilariak han gelditzen ziren ere. Frantses iraultza denboran suntsitu zuten. Geroztik berriz eraiki zuten, jatorrizko fundazioen gainetik. 18,30 metro luze eta 7 zabal egiten ditu. Ekialdean hemiziklo bat dauka sarreratik 13 metrora. Teilatuaren zureriak zoragarriak dira eta teilaz estalia da. Badira ere brontze hondakinak dituen labe baten aztarnak. Horrek erakusten du ezkila bertan egin zutela.

Ingelesen gurutzea ere ikus daiteke, eskistoan zizelkatua eta 2 metro gorakoa. 1713ko urtea du idatzia, 1701 eta 1714 artean Frantzia eta Espainiaren arteko gerlan hil ziren soldadu ingelesen omenez egina  da.

Itzulia egin eta, mahainak hor daude bazkari edo askaria egiteko. 

# SAI
AK

Istusiak

Orain 3 urte, Pirinioak zeharkatu nituen GR10 bidetik. Eguraldia ez zen nahi bezalakoa eta artzain etxola batean babestu behar izan nuen. Baina Euskal Herrian denbora txarrak ez duenez luzaz irauten, arratsaldean berriz ekin nion ibiltzeari. Euriaren ondoko koloreak zoragarriak dira...

Artzamenditik abiatuz, 800m-ko altueran diren ezponda batzuk daude: harrigarriak benetan! Haitz horietan dago bizilekua hautaturik menturaz Pirioetako sai arre koloniarik handiena. Sai zuria, edo Behi bideko andere xuria, hor bizi ez bada ere, noiz behinka inguru hauetan ikus daiteke. 

Mendira joan aitzin, eguraldi iragarpena hartu eta beti ere Basajaunen gomendioak segi itzazue. 

# LA
MI
NAK

Mundarraine (edo Arranomendi)

Ene txoko kuttuna. 750 metrotan Itsasu eta Ezpeleta gainetik. Mendi hau kaskoan dituen haitz handiekin ezagutzen da. Eskaladarako leku ezaguna da eta haren inguruan zohikaztegiak ikus daitezke. 

Ba al zenekien zohikaztegietan (hezeguneak) drosera eta mukibelarra bezalako landare karniboroak ikus daitezkeela? Han pottokak ere ikus daitezke, betizuak eta sai arreak.

Ibilaldi zoragarriak eskaintzen dituen mendi horretan hondakin protohistorikoak ikus daitezke: harrespilak.

Kaskoan bada ere erromatar garaiko gotorleku baten aztarna. Jose Miguel de Barandiaran-en arabera, Nafarroako erresumak XII. mendean berritu zuen eta hainbat gobernadoreren eskutan egon zen.

Duvoisin kapitainak, 1858an idatzi zuen gotorlekuko hormek 1.60m-ko loditasuna zutela.  Erdian eskailera batek lurpeko amunizio eta janari biltegietara eramaten zuen...

Maite dut hara joan eta garai hartan gertatutakoa irudikatzea... Ene aitatxik behin eta berriz aipatu zizkidan laminak: izaki txiki zintzo, langile eta zubi zein eliza eraikitzaileak direnak... harpeetan, putzuetan, erreka bazterretan eta gaztelu abandonatuetan bizi omen dira. Ba omen dago kaskotik Ezpeletarako tunel bat. Orduak pasa ditut aitatxirekin tunel horren bila. Ez dugu aurkitu, baina laminen aztarnak bai. Bat ageri da gazteluan eta beste bat Mundarraine aldean. 

 

# KALI
JO
KOA

Golfa

Mendietan ez naizelarik golfean ari naiz.

Ene osaba Panpik irakatsi zidan. Hasieran ez nuen gogo handirik elite batentzako jokoa zela pentsatuz. Eta behin Irlandara joatean han ohartu nintzen herrialde askotan ohitura bat dela. Ohiturak aldatu behar direla pentsatzen dut eta golfean saiatu naiz.

Practice-ean hastapenean kostatu zait, baina gero jokoan sartu naiz. Naturaz inguraturik egotea, kilometro batzuk egin... pentsa dezakezun bezala, atsegina zitzaidan.

Arrangoitzeko golfean hasi nintzen. Eliza eta hilerriaren inguruko ibilbide ederra da. Hantxe daude Luis Mariano eta bere gaztelua. Mendiak ikusten dira: Larrun, Aiako harriak, Mundarraine eta Artzamendi.

Badirudi bere 6116 metroak baino luzeagoa dela ibilbidea. Erran behar da malda naturalei Ronald Fream arkitekto kaliforniarrak beste hainbat gora-behera gehitu zizkiela. Itzultzerakoan, gaztelua inguratu aitzin, 12. zuloa jokatu behar da, lakuaren itzulia egiten duen ibilbideko zailena.

Lekuz aldatzea eta jende berriak ezagutzea maite dudanez, bi urtez Makilako golfean aritu naiz. Golf honek badu zerbait... historia bat. Irudika ditzaket Garat anaiak, Makila Golf Club gaineko etxe karratu horretan. Garat anaiek frantses iraultza aitzin eta ondotik jardun garrantzitsua izan zuten hemen bertan eta Frantzia mailan ere. Dominique eta Dominique Joseph diputatu eta abokatuak ziren. Parisen Ipar Euskal Herriaren interesak defendatu zituzten, lau aldiz  departamendu bat sortzea eskatuz. Jakingo balute zertan gauden 2018an! Ipar Euskal Herriaren aitortza instituzionala.

Dominique-k bere aldetik bertako irakasleek euskara irakasteko aukera izan zezaten eskatu zuen.

Ea, itzul gaitezen gurera... Basusarriko golfa Baionaraino hedatzen da. 380 hektareako birika erraldoi bat da, baina baditu halere bere inguru osoan 250 bat etxe.

6176 metroko luzera du. 4. zuloa bereziki maite dut. Arbolen artean kokatua da. Itxuraz erraza da baina emaitzak ez dira beti nahi ditugunak.

Eta 18 ziloren ondotik, atseden hartzeko garaia da, han urrunean Itsasu eta Zuraideko mendiei begira.

Zuraide? Han ere aritu naiz golfean. Golf hura rustikoa omen da, baina hau da gehien maite dudana. Zergatik? Mundarraine eta Artzamendiren oinean kokatua baita

 

 

Atekagaitz eta Artzamendi

Artzamendi da maite dudan beste lekuetako bat. Oinez ala autoz joan daiteke (kasu, errepidea bihurria eta hertsia da) Artzamendira (926m). Handik, mendi txikiagoak oinetara izanen dituzu, eguzki betean eta batzuetan lainoen artean. Mendebaldera so eginez Kantauri Itsasoa ageri da! Gain hartan, dena da atsegingarri: pottokak, paisaiak,.... Baita saiak ere, zeruko jaun eta jabe. Kabiak hemendik hurbil dituzte, Itsusietan.

Atekagaitz Errobi bazterrean da. Errekaren ur lasterren arramantza entzuten da Artzamendirako bidean. Legenda baten arabera, Errolan, Errobiko aranetik igaro zen Orreagarako bidean. Atekagaitzen bidea idekitzeko "Durandal" ezpataz haitza zulatu omen zuen.

Hortik pasatzen bazarete Baionatik Donibane-Garazira doan trena ikusiko duzue. 

 

# ZIR
GABI
DEA

Zirgabidea

Ene igandetako ohitura kuttuna zirga-bidean gaindi roller-ekin ibiltzea da. Bideak hamar bat kilometro luze du Uztaritze eta Baiona artean Errobi ibaiaren bazterretik. Malda arras guti duenez denek har dezakete bidea. Gainera "barta" paisaia zoragarriak zeharkatzen ditu eta han-hemenka krakada edo atsedenaldi bat egiteko leku ugari eskaintzen du. Leku bikaina da oinez, bizikletaz, roller-ez ibiltzeko eta haurrak karrosan eramateko.

OHARRA: Lehen, bide hau ontziak Errobi igotzen laguntzeko erabiltzen zen. Orain ibai bazterreko etxeetarako, arrantzaleentzako eta ibiltzera joateko pasabidea da. Uztaritze eta Baiona artean 11 km-z Errobi ibaia segitzen du bere ezker aldetik.

NOLA IRITSI: Uztaritzera sartu eta Guadalupe auzoa zeharkatu behar da. Haltya jauregira eta Heraitze auzorantz igo aitzin, Leihorrondoko bidea hartu behar da.
Uztaritzeko Zentro Teknikoaren aitzinean eskuinera itzuli eta hor duzue zirga-bideko aparkalekua. Basusarritik ere sar daiteke.

"Ez egin oihanean, eder ez denik kalean"

Naia

Vous aimerez aussi